JALON NATURE
“Jaten duguna gara”
Kiwiak, sagarrak ortua eta eztia
www.jalonnature.es
KOKAPENA ETA AZALERA
Gure fruta-arbolak Lumpiaquen daude, Jalón ibaiaren erriberan, Zaragozatik 45 kilometrora.
Egun, 10 hektarea ditugu.
HISTORIA ETA GARAPENA
Etxean beti aritu izan gara nekazaritzan, ohiko nekazaritzan. Duela sei urte, erabat aldatzea eta produktu ekologikoak ekoiztea erabaki genuen.
EKOLOGIKOAREN ALDEKO HAUTUA
Horretarako arrazoia lurrarekiko eta naturarekiko maitasuna eta uste irmo bat izan ziren: jaten duguna gara. Ez dugu lurren eta gure produktuak kontsumitzen dituzten pertsonen osasuna kaltetzen duen ezer egin nahi.
PROIEKTUAREN TAMAINA ETA EGITURA
Familia proiektua da. Galo arduratzen da nekazaritza-lanez eta Marta kudeaketaz eta administrazio-egitekoez. Soldatapeko bi langile ditugu urte osoan. Uzta biltzeko garaian 10-12 langile izaten ditugu.
LAN-JARDUERA VS OSAGARRIA
Proiektua da gure lan bakarra.
DIBERTSIFIKAZIOA
Ekoizpena dibertsifikaturik dugu. Ahal dela, zuzenean saltzen ditugu gure produktuak, bitartekaririk gabe. Zaragozako eta Huescako nekazaritza-azoka ekologikoetan saltzen ditugu gure produktuak, kontsumo-taldeetan eta elikagai ekologikoen dendetan. Ez dugu banatzaileekin lan egiten. Hezurdun frutaren zati bat (abrikotak, nektarinak eta melokotoiak) Belgikara esportatzen dugu, bazkide garen kooperatiba baten bidez.
EKOIZPEN EKOLOGIKOAREN PORTZENTAJEA
Gure produktu guztiak dira ekologikoak.
MERKATURATZEA
Zorionez, ekoizten dugun guztia saltzen dugu.
ADMINISTRAZIOAREN LAGUNTZA
Batzorde Ekologikoaren laguntza dugu, baina uste dugu administrazio-izapideak errazagoak izan beharko liratekeela (kontu-ikuskatzeak, lantzeko baimenak…).
BIOALAIREKIKO HARREMANAREN HISTORIA
2019ko uztailetik egiten dugu lan BioAlairekin. Gure fruta eskaintzeko posta elektroniko bat bidali genien, eta harremanetan jarri ziren gurekin.
NOLA EGIN AURRERA ELKARTEAREKIKO HARREMANEAN
Oso pozik gaude BioAlairekin dugun harremanarekin. Uste dugu komunikazioa zuzena dela eta merkataritza-harremana egokia. Abenduan zuek ezagutzera joan ginen eta zuen “aurpegiak ikustera”, eta oso gustatu zitzaizkigun tratua, ordena, garbitasuna, dendan dagoen aukera aniztasuna…
ETORKIZUNA EPE MOTZ ETA ERTAINEAN, ZAILTASUNAK ETA AUKERAK
Gure proiektuarekin aurrera egingo dugu, gure bezeroei gero eta produktu mota gehiago eskaintzeko, eta, batez ere, kontsumitzaileak ahalik eta gehien zainduz eta konfiantzan oinarritutako harremana elikatuz.
Sektorea arriskuan dagoela uste dugu: ekoizle txikiok ditugun prezioak baino askoz ere prezio merkeagoak eskaintzen dituzten finka handiak dituzten gero eta ekoizle gehiago daude eta baita banatzaileak ere, eta ekoizle txikiok ezin dugu horien aurka lehiatu.
Espero dugu kontzientziaturik dauden kontsumitzaileek nekazari txikiok maitasunez hazitako produktuak nahiago izatea; izan ere, nekazaritza ekologikoan benetan sinesten dugulako ekoizten ditugu produktu ekologikoak, ez interes ekonomikoak direla eta. Baina etxeetako egoera ekonomikoak ere eragina du.
Aukerei dagokienez, espero dugu gero eta kontsumitzaile gehiago izatea, eskoletan egiten ari diren lanari esker: kontsumo arduratsua, “garbi” elikatzearen garrantzia…