2014. urtetik, Nerbioi ibaitik oso hurbil, Delikan, Asiako ekialdeko herrialdeetan duela mende askotatik egiten duten bezala, shiitake onddoa hazten du Txemak. 2023ko martxoaren 11n izan ginen haren proiektua, Delika2, bisitatzen, eta Txinan «ziza gozoa» edo «ziza usaintsua» esaten dioten onddo berezi horri buruzko kontu ugariz, urte hauetan egindako bideaz, iraganeko eta egungo zailtasunez, eta etorkizuneko erronkez hitz egin zigun.

Hala, hasiera batean, gela bat egokitu zuen ukuilu batean, inguru hauetan oraindik nahiko ezezaguna zen eta propietate ugari dituen onddo hau «hazteko». Eta eskuez kakotxen keinua eginez ahoskatzen du «hazteko» hitza Txemak; izan ere, shiitakea, baldintza egokiak izanda, ia berez eta nahiko azkar hazten da, eta, ondorioz, egunero-egunero jaso behar da; alegia, urtean 365 eguneko lana dela, nekazaritzako eta abeltzaintzako lan gehienak bezala. Are gehiago, udan, beroa dela-eta, egunean hiru aldiz ere jaso behar izaten dute uzta. Pentsa, shiitakea ia begien aurrean hazten ikus daiteke!

Hori entzunda, irrikan geunden onddo berezi hori bertatik bertara ikusteko, eta Txemak gelak ireki, eta shiitakeak hazteko behar dituen baldintzei buruz hitz egin zigun: zerrautsez eta zerealez osatutako bloke batzuetan sartzen dira haziak, eta hezetasun handia eta gutxieneko argi ordu batzuk behar dituzte, nagusiki. Itxuraz erraza dirudien arren, ingurune hori primerakoa da, shiitakearentzat ez ezik, beste onddo batzuentzat ere, eta, ondorioz, kontu handiz ibili behar da blokeak edota gela osoa ez kutsatzeko. Gainera, azken urteotan, aldaketak gertatu dira, urteko bataz besteko tenperaturak igo eta prezipitazio kopurua murriztu baita, eta, ondorioz, geroz eta zailagoa da shiitakeak hazteko behar duen ingurune egokia lortzea.

Harri koxkorrak eta harritzarrak bidean…
Baina klima aldaketa ez da proiektu honek bidean aurkitu duen zailtasun bakarra. Abian jarri eta shiitakea hazteko ingurune egokia zuela ikusita, produktua merkaturatzen hasi zen Txema eta, poliki-poliki, bezero sare txiki bat osatzen joan zen: jatetxeak, kontsumo taldeak, BioAlai bera…, eta horien eskaerari erantzuteko, hasierako gela horri beste gela batzuk eransten
joan zen.

Alabaina, negozioa, ahalegin eta lan handiari esker, hazten eta garatzen ari zela zirudienean, gizarte osoari eragin dioten eta dena hankaz gora jarri duten berri txarrak bata bestearen atzetik kateatzen joan ziren: Covid 19ak eragindako pandemia, energiaren prezioaren neurrigabeko igoera…

Eta, horrez gain, itxuraz gertaera global horiekin zerikusirik ez duten baina mundu globalizatu honen ondorio diren beste hainbat gertaerak ere lurrikara eragin zuten Txemaren egunerokoan: arazoak izaten hasi zen shiitakea hazteko blokeak

Herbeheretatik bidaltzen zituen hornitzailearekin, eta Pirinioetan hornitzaile berria, txikiagoa eta jasangarriagoa, aurkitu bazuen ere, garraioa zailagoa eta garestiagoa da orain; banaketa multinazional handi batek inguruko kristalezko poteen ekoizle guztiak xurgatu zituen, eta produktua askoz garestiago saltzen zutenez, beste hornitzaile batzuk bilatu behar izan zituen, zoritxarrez, askoz ere urrutiagokoak…

Bidean aurrera, momentuz
Horien guztien ondorioz, shiitakez egindako produktu berriak probatzen ari da merkaturatzeko. Batzuk Delika2en webgunean dituzue dagoeneko, eta hurrengo aste eta hilabeteetan gehiago jarriko ditu, hainbat lankidetza proiektutan murgilduta baitago produktu berriak garatzeko.

Bisitaren amaieran, hain zuzen ere, lankidetza nabarmendu nahi izan zuen Txemak:

ekoizle txikiek elkar hartu behar dute eta elkar lagundu; izan ere, arlo batean zein bestean aritu, antzeko arazoei eta zailtasunei egin behar diete aurre, eta elkarrekin eginda bidea pixka bat lauagoa izan daiteke guztientzat.

Shiitakeari buruz Txemak emandako aholkutxoak:

-Hau da shiitake freskoak duen itxura:

-Ez kendu gainean dituen ezkata zuriak, ez dira lizuna, shiitakeak berezkoak ditu.


-Osorik dagoela ez da bereziki usaintsua; lur-usain handia badu, usteltzen hasia dela esan nahi du. Hori bai, kozinatzeko zatitzen duzunean, haren lurrun goxoa nabarituko duzu:

-Behar bezala kontserbatzeko, izan hozkailuan, baina trapu heze batez estalita.

-Luzaroago kontserbatu nahi izanez gero, shiitakea lehortzen utz dezakezu eta gorde eta, kozinatzeko, nahikoa izango da bustitzea (ez dizu salteatuta edo gordinik jateko balioko, baina bai zopa, krema edo gisatuei botatzeko).