SPIGA NEGRA

“Lagunekin partekatutako ametsa”

Zerealeak ehotea eta pasta

www.spiganegra.com

Vista Alegre Taldea
KOKAPENA ETA AZALERA

Humilladero udalerrian gaude (Malaga). Gure errota eta lantegia 700 m2 inguruko espazio alokatu batean daude. Instalazio berean daude zerealak semola eta irin bihurtzeko beharrezkoak diren ekipo guztiak (aleak biltegiratzeko, garbitzeko, hautatzeko eta ehotzeko gunea). Pabilioi berean dago pasta egiteko gure artisau-lantegia ere.

2019-2020 kanpainarako ereindako zereal-laboreek hartzen duten azalerari dagokionez, 6 hektarea inguru ditugu (5 gari gogor hektarea eta espelta hektarea bat). Horiek guztiak Sierra de Yeguasen (Malaga) daude, gure instalazioetatik 20 km baino gutxiagora. Juan eta Máximo Rodríguez arduratzen dira gure aleak landatzeaz 2015ean gure ibilbideari ekin genionetik. Gainera, Kordoban, 1.000 m2-ko zelai batean, interesgarriak iruditzen zaizkigun gari gogorraren barietate zaharrak ugaritzen eta berreskuratzen saiatzen ari gara.

HISTORIA ETA GARAPENA

2015etik ehotzen ditugu zerealak eta artisau-pasta egiten, eta ikasketa-bide polita izaten ari da; izan ere, nekazaritzarekin lotura genuen arren, ez gatoz elikagaien artisautzaren sektoretik.

EKOLOGIKOAREN ALDEKO HAUTUA

Arrazoi asko genituen ekologikoaren alde egiteko; izan ere, hasieratik genuen argi gure eredua ekologikoa izango zela ezinbestean. Urteetan zehar agroekologiarekin, elikadura-subiranotasunarekin, landa-garapenarekin eta abarrekin lotura pertsonala eta profesionala izan ondoren, zerealen eta haien eratorrien alorrarekiko interesa piztu zitzaigun.

Ikusi genuen zaila zela lotura zuzena ezartzea zerealak lantzen zituzten pertsonen eta gure mahaietara iristen ziren produktuen artean. Pastaren kasuan, hori are nabarmenagoa zen; izan ere, marka gehienek, zigilu ekologikoa izan arren, ekoizpen industriala egiten dute (kalitate txarragokoa, beraz), eta ez dute loturarik alea lantzen duten pertsonekin edo lehengaien jatorriarekin.

Horregatik, gure eskalara egokitutako semola-errota bat (pasta egiteko osagai nagusia) diseinatzea erabaki genuen. Horri esker, zerealak lantzen dituzten pertsonekin konfiantzazko harremanak sortu ahal izan ditugu, aleak jatorrian aukeratu ahal izan ditugu, ahaztuak ziren gari mota interesgarriak berreskuratu ditugu, etab. Errotari esker, gure lantegia lurraldeari lotuago dago. 

Gainera, pasta egiteko artisau-metodo bat aukeratu genuen, funtsezkoa iruditzen zitzaigulako kalitatezko elikagaiak egitea. Izan ere, araudi ekologikoak arautzen duenaz harago joan nahi genuen eta produktuaren kalitate gastronomikoa eta nutrizionala bermatu.

PROIEKTUAREN TAMAINA ETA EGITURA

Gurea familia-proiektua da, nire neba Igorrek eta biok (Arrate) jarri genuen abian.

Egun, soldatapeko langile bat dugu: Ariadna.

LAN-JARDUERA VS OSAGARRIA

Spiga Negran lan egiten dugun hiru pertsonok horretan dihardugu soilik eta ez dugu beste lanik, eta pixkanaka gure baldintzak hobetzea espero dugu.

DIBERTSIFIKAZIOA

Hainbat salmenta-bide izaten saiatzen gara, eta pastaz gain irinak ere egiten ditugu. Agian, etorkizunean, gauza gehiago egiten ahaleginduko gara, zerealen mundua zabala baita.

EKOIZPEN EKOLOGIKOAREN PORTZENTAJEA

 Gure ekoizpena % 100 ekologikoa da.

MERKATURATZEA

Hobetzen goaz, baina ez da erraza. Gariaren deribatuak, eta zehazki pasta, bidegabeki gutxiesten dira, eta pertsona askok kalitate baxuko elikagaitzat dituzte. Elikagaiak egiteko prozesuen inguruan ezjakintasun handia dago; izan ere, ez da gauza bera pasta modu industrialean edo artisauan egitea. Gainera, ugaritzen ari dira glutenari, gari motei eta horien erabilerei, ehotzeei eta abarrei buruzko oinarri sendorik gabeko sinesmenak, eta, ondorioz, kontsumitzaile askok ez dituzte begi onez ikusten gure elikaduraren, kulturaren eta ekosistemaren parte diren elikagai horiek.

Hala ere, pozik gaude gure produktuen kalitatea asko hobetu dugulako, jendeak gure pasta probatzen duenean berriz erosten duelako, eta gure ekoizpena geroz eta hobeto saltzen dugulako. Hala eta guztiz ere, oraindik “ahalegin” handia egin behar dugu jendea artisau-pasten eta industria-pasten arteko aldeaz ohar dadin, bai eta garia bezalako lehengai globalizatuen kasuan zuzenean tokiko ekoizpenarekin lan egitearen garrantziaz kontura dadin ere.

Batzuetan ez dugu lortzen hori guztia behar bezala transmititzea, baina ahalegintzen jarraitzen dugu.

ADMINISTRAZIOAREN LAGUNTZA

Oro har, erraztasun gehiago dituzte ohiko ekoizpenek, eta administrazioak sektore ekologikoari “erreparatzen” dionean, nekazaritza arrunterako garatu duen paradigma bera erabiltzen du: eskala handiko ekoizpena, kontzentrazioa, esportazioa eta banaketa zabala. Oro har, gurea bezalako eskala txiki edo ertaineko nekazaritza ekologikoko ekoizpenak ez dituzte oso kontuan hartzen.

BIOALAIREKIKO HARREMANAREN HISTORIA

 2017ko martxoan, produktuen aurkezpena egin genuen lokal berrian, eta, ordutik, elkarrekin lanean jarraitu dugu.

NOLA EGIN AURRERA ELKARTEAREKIKO HARREMANEAN

Uste dugu harremana ona dela, komunikazioa erraza eta zuzena baita eskaerez, koordinazioaz eta abarrez arduratzen diren pertsonekin. Gure produktuak ontziratu gabe ere jarri nahiko genituzke salgai, ahal den neurrian hondakin gehiago ez sortzeko. Hala ere, gure ustez, erabaki hori ondo hausnartu behar da, eta pixkanaka beste produktu askotarako ere kontuan hartzea espero dugu.

ETORKIZUNA EPE MOTZ ETA ERTAINEAN, ZAILTASUNAK ETA AUKERAK

Egia esan, etorkizuna ziurgabetasunez beteta ikusten dugu. Egia da produktu ekologikoek gero eta presentzia handiagoa dutela, baina ekoizle txikiek, elkarteek, merkataritza espezializatuak eta abarrek urteetan egindako lana kapitalizatzen ari da industria handia neurri handi batean. Ikusi beharko da produktu “ekologiko” berri horiek zein leku uzten dieten bio zigilutik harago joan nahi duten proiektuei, alegia, jarduera bakoitzak lurralde ezberdinetan dituen gizarte- eta ingurumen-inplikazioez arduratzen diren proiektuei.

Horretaz gain, merkataritza tradizionala atzera egiten ari da, eta auzoetan kokatutako saltoki horiek loturagune zuzena dira elikagaiak ekoizten ditugunon eta kontsumitzaileen artean. Era horretako establezimenduak desagertzen badira, gurea bezalako proiektu askorentzat oso garrantzitsua den salmenta-bidea ere desagertuko da.

Bestalde, badira gauza positiboak ere: gero eta ekoizle gehiago jabetzen ari gara produktuak banatzeko bide propioak edo proiektu “lagunak” izatearen beharraz. Horrekin batera, beharrezko da kontsumitzaileek apustu argia egitea lurraldeei lotuago dauden elikagaien alde, hau da, hurbilagokoak edo urrunagokoak izan (produktu motaren arabera), katearen maila guztietan harreman orekatuak eta gardenak dituzten produktuen alde.

Pixkanaka ohiko ekoizpen- eta kontsumo-moldeak aldatzen badira, etorkizun ona izango dugula uste dugu (edo hala espero dugu behintzat).